XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1. GALDEKETAREN ERANTZULEAK

1.1. Begiz jotako erantzuleak, zenbat eta zer-nolako

Guztira 263 pertsona edo elkarteren eskuetara iritsi zen, Euskaltzaindiaren LEF batzordeak bidalirik, hitz elkartuei buruzko galdeketa.

Normalean, gehien-gehienetan, zuzenean beraiei bidalia zen galdeketa hori.

Inoiz edo behin gertatu da, halere, galdeketa pertsona jakin bati bidali eta honek, hobe beharrez, bere lantaldeko kide bati edo biri berorren kopia eskuratu izana, azkenean galdeketa batetik erantzun bi edo hiru jaso direlarik.

Horrelako kasu bakan horietan ontzat eman dira erantzun guztiak.

263 erantzule posible genituen, beraz.

Zer-nolako erantzuleak genituen hauek?

Zertan lan egiten dute?

Non bizi dira?

Bidezkoa litzateke, jakina, 263 erantzule posible horien era askotako kategorizazioa egitea: adinaren arabera, sexu-arauz, espezializazio-alorraz...

Bistan da, izan ere, guztien erantzunei ezin zaiela beti pisu berbera eman: ez, behintzat, jakineko auzigai batez iritzi zehatzak ematerakoan.

Hori kontuan izan beharraz ongi jabetua dago hasieratik LEF batzordea, eta txosten honetan bertan, proposamen konkretuetara iritsi aurretik, berriro helduko zaio hain zuzen puntu horri.

Errazenetik hasiko gara, ordea, orain.

Eta errazena, eskueran ditugun datuen arabera, honako bi puntuoi erantzutea da:

- zertan dihardute, lanbidez edo albo-jardueraz, begiz jotako erantzule hauek?

- nongoak ditugu, lurraldez lurralde, erantzule posible hauek?

Bistan da bi puntuok badutela garrantzi berezia: gerta baitaiteke, adibidez, lanbide-esparru horien edo lekugunearen arabera euskalgintzan diharduten norbanako eta lantaldeek puntu jakin baten gainean aski iritzi desberdin eta are kontrajarria izatea.

Idazlan honen amaieran, eraskin gisa, 263 erantzule posible horien banan-banako zerrenda ematen da, beren jardun-esparru nagusia ere bertan adieraziz.